Jauzi edukira

Plasma 6.1

Plasma 6k oinkada ematen du 6.1 bertsioarekin. Plasma 6.0ren xedea bere oinarrian dagoen Qt 6 frameworks azpiegiturara migrazioa zuzen egitea zuen bitartean (eta nolako lan itzela), 6.1 da, garatzaileak zure mahaigaina maila berri batera eramango duten ezaugarriak inplementatzen hasteko lekua.

Kaleratze honetan, gaien aldaketa sotiletatik eta animazioen doikuntzetatik askoz haratago doazen ezaugarriak aurkituko dituzu (nahiz eta horiek ere ugari izan), urruneko makinetako mahaigainekin elkarreraginean murgiltzen zarenean, erabilgarritasun eta irisgarritasun hobekuntza ugariekin emankorrago bilakatzean, eta zure ordenagailuko hardwareari ere eragingo dioten pertsonalizazioak ezagutzen dituzunean.

Ezaugarri horiek eta gehiago eraikitzen ari dira zuzenean Plasmaren Wayland bertsioan era natiboan, «X»n inplementatutako antzeko soluzioek eskatzen dituzten hirugarrenen software eta sasiko hedapenen beharra saihestuz.

Hemendik aurrera gauzak insteresgarriagoak izango dira. Bitartean, goza ezazu hurrengo eguneratzean zure mahaigainean lurreratuko denarekin.

Zer berritasun dago

Sartu urruneko Plasma mahaiganetara

Plasma 6.1ean gehitutako ezaugarri ikusgarrienetako bat (eta erabilgarrienetakoa), Sistemaren ezarpenetatik zuzenean urruneko mahaigain bat abiatzeko aukera da. Horrek esan nahi du, erabiltzaileen makinetako arazoak konpondu behar dituen sistema administratzailea bazara, edo besterik gabe zure irismenetik kanpo dagoen Plasma darabilen ordenagailu batean lan egin behar baduzu, konexio bat ezartzea klik gutxi batzuetara besterik ez dagoela.

Gaituta dagoenean, urruneko mahaigainera konekta zaitezke KRDC gisako bezero bat erabiliz. Urruneko makinaren Plasma mahaigaina leiho batean ikusiko duzu eta zure ordenagailutik harekin elkarreragin ahal izango duzu.

Neurrira egokitzea bisuala(go) egin da

Guztiok maite dugu gure Plasma mahaigainak gure neurrira egokitzea, ezta? Hori egiteko era azkarrenetako bat Plasmaren Edizio Moduan sartzea da (mahaigainaren atzeko planoan edozein lekutan eskuineko klik egin eta menutik Sartu Editatzeko modura hautatu).

6.1 bertsioan, Edizio moduaren ikus-itxura berraztertu egin da eta orain, aktibatzen duzunean, itxura zainduko animazio bat ikusiko duzu. Mahaigain osoaren zooma era leunean urruntzen da, gertatzen ari denaren ikuspegi orokor hobea emanez eta zure aldaketak erraz egiteko aukera emanez.

Aplikazio iraunkorrak

Plasma 6.1ek Wayland-en, orain, azken saioan egiten ari zinena gogoratzeko ezaugarri bat du, «X11»n egiten duenaren antzera. Oraindik lantzen ari den zerbait den arren, dozena bat leiho irekita duzula saioa itxi eta ordenagailua itzaltzen baduzu, Plasmak, orain, haiek irekiko ditu zure mahaigaina abiatzen duzun hurrengo aldian, egiten ari zinen horretara azkarrago eta errazago itzultzea erraztuz.

Sinkronizatu zure teklatuko koloretako LEDak

Ez litzateke Plasmaren kaleratze berri bat izango, neurrira ipin daitekeen ezaugarri estetiko dotore bat gutxienez izango ez balu. Oraingo honetan, ordea, pantailatik harantzako, teklaturaino iristeko gaitasuna ematen dizugu, zure teklatuko LEDen koloreak zure mahaigaina nabarmentzeko koloreekin bat etortzeko sinkronizatu baititzakezu.

Erabiltzaile moda-zaleentzako azken berrikuntza.

Kontuan izan ezaugarri hau ez dela ibiliko euskarririk gabeko teklatuetan — teklatu osagarrietarako euskarria bidean da!

Baita beste guzti hau ere...

  • Plasmatik irteten saiatzean ikusten dituzun aukerak sinplifikatzen saiatu gara aukera nahasgarrien kopurua murriztuz. Adibidez, Itzali sakatzen duzunean, Plasmak, energia-aukera guztiak erakutsi ordez Itzali eta Utzi bakarrik zerrendatuko ditu.
  • Pantaila giltzatzeak pantaila-babesle tradizional gisa konfiguratzeko aukera ematen dizu, giltzapetik askatzeko pasahitzik ez eskatzea hauta baitezakezu.
  • Bi ikus-irisgarritasun aldaketak Plasma 6.1en kurtsorea erabiltzea errazten dute:
    • Astindu kurtsoreak, kurtsorea handitzen du hura astintzen duzunean. Horrek gezi nimiño hori, zure pantaila handi eta beteetan, lehio guzti horien artean galtzen duzunean, aurkitzen laguntzen dizu.
    • Ertzeko hesia erabilgarria da monitore anitz ezarrita baduzu, ertzean dauden gauzetara iritsi nahi duzunean. "Hesia", pantaila arteko ertz ondoan zure kurtsorearentzako dagoen azalera itsaskor bat da, gauzetan klik egitea errazten (hori bada egin nahi duzuna), kurtsorea hurrengo pantailara igaro gabe.
  • Wayland-en eman diren bi aurrerapen garrantzitsuk asko hobetuko dute Plasmarekin duzun esperientzia:
    • Sinkronizazio esplizituak NVidia erabiltzaileek betidanik pairatu izan dituzten kliskatze eta akats teknikoak ezabatzen ditu.
    • Wayland-en Tarteko memoria hirukoitzaren euskarriak animazioak eta pantaila-errendatzea leuntzen ditu.
... eta askoz gehiago gertatzen ari da. Aldaketen zerrenda osoa ikusteko, behatu Plasma 6.1erako aldaketen egunkaria.