Jauzi edukira

Plasma 6.4

Asteartea, 2025(e)ko ekainak 17  |  KDE komunitatea

Hemen duzu Plasmaren bertsio berri bat, eta are gehiago sentitzen da /home bezala, leunagoa, lagunkoiagoa eta lagungarriagoa delako.

Plasma 6.4 ia alderdi guztietan hobetzen da, irisgarritasunean, koloreak errendatzen, tableten euskarrian, leiho-kudeaketan, eta gehiagotan aurrerapenak eginez.

Irakurketa luzea izango denez, has gaitezen...

A script element has been removed to ensure Planet works properly. Please find it in the original post.
A script element has been removed to ensure Planet works properly. Please find it in the original post.

Nabarmentzekoak

Lauzatze malguagoa

Hautatu lauza antolaera ezberdin bat zure alegiazko mahaigain bakoitzerako

Spectacle berria

Spectacle are txundigarriagoa egiteko berrikusi da

KRunner-rek kolorea ezagutzen du

Sartu kolore-kode bat nahi duzun notazioa erabiliz eta KRunner-rek zein itxura duen erakutsiko dizu

Leiho-kudeaketa

Plasmak dagoeneko, zure leihoak eta jarduerak antolatzen laguntzeko alegiazko mahaigainak eskaintzen ditu; eta leihoak gainjarri ez daitezen, haiek itsasteko, neurrira egokitu daitezkeen lauzak, garrantzitsua den guztia begirada batean ikusteko aukera emateko.

Plasma 6.4ak ezaugarri hauek konbinatzen ditu, alegiazko mahaigain bakoitzean lauza konfigurazio ezberdina aukeratzen utziz.

Beheko bideoak ezaugarri honen potentzia erakusten du: zure alegiazko mahaigain nagusian bi leiho-lauza jar ditzakezu, haietako bakoitza pantaila-erdia hartzen duela. Alegiazko beste mahaigain batean, aplikazioen lauzak jar ditzakezu: bi albo banatan, eta beste biak erdian higikor.

Ezaugarri berri honek zuretzako egokiena den beste edozein antolaera-konbinazio mota sortzeko aukera ematen dizu.

Irisgarritasuna

Irisgarritasuna KDEren lehentasun gorenetako bat da. Lan hori bukaezina den arren, Plasmaren askapen berri guztietan hobekuntzak egiten ditugu.

Plasma 6.4ko Wayland saioak irisgarritasun ezaugarri berriak ekartzen ditu: orain, zenbakizko teklatuko teklak erabiliz erakuslea mugitu dezakezu, edo ukimen-saguan hiru hatzeko atximur-keinu bat erabil dezakezu zooma gerturatzeko edo urruntzeko.

Gainera, Plasma osan lan sotil baina garrantzitsu asko egin da teklatuaren nabigazioa, pantaila-irakurlearen erabilgarritasuna, eta testuaren irakurgarritasuna hobetzeko.

UI eta Ikus-diseinua

Irisgarritasun eta ikus-diseinuaren arteko mugan kokatuz, Plasma erabiltzea errazteko beste modu bat aurreko planoaren eta atzeko planoaren elementuen arteko kontrastea handitzea da.

Alde horretatik, gure Breeze Iluna gaia pixka bat ilunagoa egin dugu. Aldaketa sotil honek testua eta erabiltzailearen interfazeko elementuak gaineratzen laguntzen du, irakurtzeko eta ikusteko errazagoak bihurtuz.

Era berean, Plasma 6.4k mahaigainaren edo leihoaren atzeko planoa iluntzen du autentifikatzeko elkarrizketa-koadro bat erakusten denean. Horrek pasahitza eskatzen duen leihoa aurkitzen eta hartan arreta jartzen lagunduko dizu.

Plasmak mahaiganaren gainerako zatia iluntzen du autentifikatzeko elkarrizketa-koadro bat gaineratzen denean

Informazio guneko energia orriaren eta KMenuEdit (abiarazteko menuan aplikazioen aurkezpena eta taldekatzea editatzeko erabil dezakezun aplikazioa) osoaren itxura berrikusi da garbiagoa, argiagoa eta erabiltzeko errazagoa izan daitezen.

Ezarpenei buruz ari garela, Animazioak orri berri bat dago Sistemaren ezarpenetan, ikus-animazio efektuetarako ezarpen guztiak leku bakar batean biltzen dituena, horiek errazago aurkitzea eta konfiguratzea erraztuz.

Plasma 6.4aren giltzatze-pantaila, pantaila anizkoitzeko ezarpenekin ere hobeto dabil. Giltzatze-pantailako elementu elkarreragileak orain fokua edo erakuslea duen pantailan bakarrik agertuko dira. Eta zure pasahitza sartzeko garaian, pasahitz-eremu batean sartutako testua beste guztien artean sinkronizatzen da, pantaila bateko eremuan erdizka sartu eta ondoren gainerakoa beste pantaila batekoan sartzean sor daitezkeen erroreak saihestuz.

Jakinarazpenak

Plasmak jakinarazpenen bidez zure sisteman gertatzen dena jakinarazten dizu.

Fitxategi-transferentzia jakinarazpenak orain abiadura-grafiko bat erakusten du, transferentziaren abiadurari eta osatzeko beharko duen denborari buruzko ideia bisualagoa emanez.

Eguneratzeak erabilgarri daudela jakinarazten zaizunean, haiek orain jakinarazpenetik zuzenean instalatu ditzakezu.

Aplikazioren bat pantaila osoko moduan dagoenean — joko batekin jokatzean, proiektu kritiko batean lanean, edo bideo bat ikusten ari zarenean adibidez — Plasma Zaratarik ez moduan sartuko da eta premiazko jakinarazpenak baino ez ditu erakutsiko. Pantaila osoko modutik irtetean, galdutako jakinarazpenen laburpen bat ikusiko duzu, eta Sistemaren erretiluan egongo dira kontsultatu ditzazun.

Inoiz gertatu zaizu lerroko bilera batean hitz egiten ari zarela, mikrofonoa ozentzea ahaztu duzulako inork ezin dizula entzun? Berriz inoiz ez! Orain, aplikazio bat mikrofonoa atzitzen saiatzen denean eta isilarazita aurkitzen duenean, jakinarazpen bat gaineratuko da.

Azkenik, botoi elkarreragileak dituzten jakinarazpenak, orain arte bezala, historialaren ikuspegian erakutsiko dira.

Trepetak

Trepetak, Plasma eraikitzeko blokeak dira: Plasma mahaigainean ataza zehatzak egiten dituzten programa txikiak. Programak abiarazi, eguraldiaren jarraipena egin, alarmak ezarri, edo eguneratzeak dituzula esan dezakete.

Beste hobekuntza askoren artean, Aplikazio abiarazlea trepetaren ezaugarri berri batek Berria! etiketa berde bat ipiniko du aplikazio instalatu berrien ondoan, instalatu berri duzun hori menuan non dagoen erraz aurki dezazun. Etiketa 3 egun igaro ondoren, edo aplikazioa lehen aldiz exekutatzen duzunean desagertzen da.

Plasmak duela gutxi instalatu dituzun gauzak berriak etiketatzen ditu

Hedabide-jotzailea trepetak, orain, jotzen ari den audioa edo bideoaren abiadura moteltzeko edo azkartzeko aukera ematen dizu (ezaugarri hau onartzen duten jotzaileetan).

Eta Diskoak eta gailuak trepetak, diskoetara, barnekoetara zein aldagarrietara sartzeko erabiltzen denak, orain zure diskoak aztertzen ditu eta erroreak aurkitzen baditu haiek konpontzea ere eskaintzen du.

Diskoak eta gailuak trepetak kaltetutako biltegiratze gailu bat konpontzen saiatzeko aukera eskaintzen du.

Plasma 6.4k berarekin dakartzan trepetetan ere beste aldaketa txikiago asko ditu; arakatu itzazu berritasun guztiak ikusteko!

Artista digitalentzat

Plasmak artista digitalek eta diseinatzaile grafikoek erabiltzen dituzten gailuen euskarria hobetzeko bultzatzen jarraitzen du.

Plasma 6.4an, zure arkatz-digitalaren botoiak konfiguratzea askoz intuitiboagoa egin dugu:

Plasmak zure arkatz-digitalaren botoiak konfiguratzea errazten du

Zure tableta konfiguratzean akatsen bat egiten baduzu, Plasmak guztia berrezarri eta berriz hasteko era erraz bat eskaintzen du.

Eta artea sortzen ari ez zarenean ere tableta erabiltzen jarrai dezakezu, Plasmak orain modu erlatiboa onartzen baitu, eta horrek arkatz-digitala sagu arrunt baten antzerago jokatzea eragiten du.

Kolore-kudeaketa

Jokoetarako edo filmak ikusteko koloreak doitzea bilatzen dutenentzat, Sistemaren ezarpenetan dagoen bistaratzea eta monitorea orriak HDR kalibratzeko morroi berri bat dakar Plasma 6.4an.

Plasma 6.4k bitarte dinamiko hedatua (HDR mota ezberdin bat) erabil dezake hori onartzen duten pantailetan, eta kolorearen sakonera mugatzeko tresna bat ematen dizu — berriro ere ezaugarri hori onartzen duten pantailetan.

Azkenik, Plasmak orain P010 bideo kolore formatua onartzen du, HDR bideo edukiarekin energia-eraginkortasuna hobetuz.

Laburbilduz, Plasmak zure pantailako hardware sofistikatuari probetxurik handiena ateratzen laguntzen dizu!

KRunner

KRunner Plasmaren barnean eraikia dagoen laguntzaile ahaltsua da. Zerbait bilatu, zerbait definitu, zerbait kalkulatu, edo zerbait bihurtu behar baduzu, sakatu Alt + Zuriunea eta galdetu KRunner-i.

Plasma 6.4an KRunner-rek koloreak irudikatzen lagun diezazuke. Sartu kolorea notazio hamaseitarrean, zenbaki hamaseitar gisa edo bere CSS/SVG izena (“MintCream”, “PeachPuff”, edo “PapayaWhip” bezalakoak — bai, guztiak kolore izenak dira eta ez gozo bereziak). KRunner-rek kolorearen itxura erakutsiko dizu, baita bere izen/kode baliokidea beste notazio askotan ere.

Pantaila-argazkiak eta pantaila grabatzea

Spectacle, pantaila-argazkiak egiteko eta pantaila grabatzeko barnekoaplikazioak, itxura oso ezberdina du Plasma 6.4an — hoberako!

Sakatu InprPant tekla eta Spectacle zuzenean pantaila-argazki moduan irekitzen da: koadro bat arrastatu pantailaren eskualde bat hautatzeko, edo Sartu berehala sakatu eta Spectacle-k pantaila osoaren argazkia hartuko du.

Halaber, idatzoharrak berehala idazten has zaitezke, geziak marraztuz, atalak lausotuz, azalpen-testua gehituz, eta gehiago.

Azkenik, WebM formatua erabiltzen duten pantaila-grabazioetan edo eskala zatikatua erabiltzen duten pantailetan hartutakoetan, kalitatea izugarri hobetu da.

Sistema gainbegiratzea

Plasma 6.4ren Sistemaren begiraleak zure sistema lanean nola ari den jakinaren gainean egoten are modu gehiagotan laguntzen dizu.

Lehenik eta behin, Ikuspegi orokorra eta Historia orriak informazio gehiago erakusteko eta orokorrean erabilgarriagoak izateko berrikusi dira:

GPU erabilera-grafikoa historia orrian

Eta orri horietan Intel GPUen erabileraren gainbegirada aurki dezakezu. Gainera, Intel eta AMD GPUen prozesukako erabilera ere erakuts dezake.

Aplikazioak orrian "Atzeko planoko zerbitzuak" izeneko talde berri bat ere badago, aplikazioak ez diren gauzek erabiltzen dituzten sistemaren baliabideen argazki osoa ematen duena.

Gainera, leku hutsaren barneko begiraleak disko guztietako partizioak, cachea ez direnak, aztertzen ditu, ez bakarrik Erro eta Etxe partizioak.

Eta, azkenik, Informazio gunean orri berri bat dago Sentsoreak izenekoa sentsoreen datu gordinak erakusten dituena, zure PUZen eta GPUen tenperatura bezalakoak.

Sentsoreen orriak datu gordinak erakusten ditu

Bestelakoak

Dolphin edo Plasma mahaigaina erabiliz fitxategiak disko bereko beste kokapen batera arrastatzean, aldiro zer egin behar duen galdetu ordez, orain, sistemak beti fitxategiak mugitzea aukeratuta izan dezakezu.

Plasman arakatzailea bateratzea, beste gauza askoren artean mahaigainetik zure arakatzaileko hedabideen atzera-jotzea agintzeko aukera ematen dizun ezaugarriak, orain, Firefox eta Chromium-en aldaeren Flatpak bertsioak ere onartzen ditu, hala nola LibreWolf eta Ungoogled Chromium.

Eta, azkenik, teknikazaleagoentzat, Plasma 6.4k Wayland protokolo askoren euskarria gehitzen du, besteak beste "Relative tablet dials”, “idle notify“, “color representation”, “FIFO”, “toplevel tag”, eta “single pixel buffer” protokoloak. Horrek aplikazioei Plasmaren Wayland saioan hobeto bateratzen lagunduko die.

...eta askoz gehiago dago. Aldaketen zerrenda osoa ikusteko, behatu Plasma 6.4ren aldaketen egunkari osoa.